Probaren izaera
Zarautz Balea Igeriketa Kirol Elkartea da antolatzailea, eta igeri egitera animatzeko ezaugarri guztiak dauzka:
- Herritarren parte hartzea proban: ehunka boluntario eta herriko hainbat eragile arduratzen dira antolakuntzako xehetasun guztiez: garraioa, segurtasuna (bai uretan eta bai uretatik kanpo), komunikazioa, materialen gordailua, anoa guneak, seinaleztapena …
- Zeharkaldi solidarioa: izen-ematea egiteko garaian elkarteari euro bat emateko aukera dago.
- Jasangarritasunaren aldeko apustua: tamaina honetako ekitaldi batek ingurumenean sor dezakeen inpaktua gutxiagotzen saiatzen da antolakuntza. Horri dagokionez, egiteko nagusiak hondakinen eta garraioaren kudeaketa dira. Eraginkorrak izateko pertsona guztien lankidetza ezinbestekoa da lan honetan.
- Edozein hunkitzeko moduko giroa: itsas zeharkaldiko metro bakoitza ikuslez beteta egoten da, eta igerilarien pauso oro txalotzen dute. Hondartzako azken metroak deskribaezinak dira.
- Hedabideen antolaketa: kamerak barkuetan, dronak, helmugan zain daudenak zuzenean informatzen dituzten esatariak… espektakulua da.
Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiak 10.000 lagunetik gora batzen ditu helmugan, Zarauzko hondartzaren eta Munoa plazaren artean.
Historia
Zarautz Balea igeriketa elkartea izateaz gain, Gipuzkoan erreferentea den kirol proba baten sustatzailea eta antolatzailea ere bada. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia urteko igeriketa probarik garrantzitsuena da, oihartzun sozial, ekonomiko eta mediatiko handia duena. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia estatu mailako distantzia luzeko igeriketa probetan erreferentea da.
Probaren lehen hamarkadetan Cachi-Bachi gastronomia elkarteko lagun talde bat aritu zen itsas zeharkaldia antolatzen. Garai hartan, Getariako portutik Zarauzko portura egiten zen itsas zeharkaldia, baina parte hartzaile kopurua handituz joan zen eta ez ziren guztiak portuan kabitzen; horregatik, Zarauzko hondartzara aldatu zuten helmuga.
Cachi-Bachi elkarteko kideen ondoren, Zarauzko eta Getariako herritar batzuek hartu zuten lekukoa, Getariako Manuel Arangurenek eta Zarauzko Edorta Badiolak, esaterako. Garai hartan, Edorta Badiola Zarauzko Kirol Elkarteko igeriketa entrenatzailea zen, eta ondorioz, 1995az geroztik igeriketa elkarteak jarraitu du etenik gabe ekitaldia antolatzen.